XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Une batzuetan errukia pizten dute.

Inguratzen den guztiak umea zer moduz, eta ondoren, umea zer moduz, galdetzen duenean, esate baterako.

(Seguru, batek baino gehiagok izan duela mihi-puntan eta ni? galdera).

Kalean geratzen direnean, eta begirada guztiak eta komentario guztiak umearentzat eta galdera guztiak amarentzat direnean ere bai.

Opariak, umearentzat ez badira, amarentzat direnean, zer esanik ez.

Edo pediatrarengana joan, eta hark amari begira esaten dituenean umeari dagozkion kontu guztiak, medikutarako bidean amak topatutako ezezazugun bat balitz bezala amaren alboan doan gizon hura.

Baina hori guztia aita batek azaldu beharko du.

Nik kanpotik ikusitakoak dira.

Ez dakit zer dugun barruan dena, edo ia-dena, desberdin sentitzera eramaten gaituena.

Amak, ama bihurtzen den momentutik, bere gain hartzen ditu umeari dagozkion ardura gehienak.

Bera konturatzen da umeari atera zaion granoaz; bera, begirada tristea daukala, eta berak sentitzen du zerbait ez doala ondo.

Azalpenik errazena da lehendabiziko hilabeteetan (salbuespenak salbuespen) ama dela umearekin ordu gehien egiten dituena, eta aitak, berriz, bere betiko eginkizunekin jarraitzen duela.

Baina geroxeago, biak egoera beretsuan geratzen direnean, biak etxetik kanpo lanean,gauzak ez dira asko aldatzen.

Laguntzen dute, jakina. Gehienek.

Laguntzen ez dutenak desagertzear daude.

Umearekin jolas egiten dute. bainatzen dute, kalera ateratzen dute, jaten eman ere bai eta pardela aldatzen iaioak izan litezke (bizitzan besterik egin ez balute bezala moldatzen dira batzuk).

Baina, sakon-sakonean (ez dakit erosotasunagatik edota benetan hala uste dutelako), umeak ama behar duela sentitzen dute. Esan ere bai.